TXOKO MORE

2023/03/15

Ikastetxeak berdintasunarekin daukan sentsibilizazioaren adibideetako bat proiektu bidez diseinatutako txokoMOREa dugu. Liburutegian hezkidetza eta aniztasuna bizi, irakurri, eta arnasteko gune bat. Mezu esanguratsuz jantzitako irakurgai interesgarriz hornitutako txokoa. Hausnarketarako txokoa.

Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako etapatan, beste esparru guztietan bezala, beharrezkoa da giza eskubideen eta haurren ezagutzari eta errespetuari arreta jartzea, kontuan hartuta garapen iraunkorrerako eta munduko herritartasunerako hezkuntza, emakumeen eta gizonen berdintasuna eta aniztasunarekiko errespetuaren balioa, espiritu kritikoa eta bakearen eta indarkeriarik ezaren kultura (besteren artean).

Haur Hezkuntzatik hasten da irakurketa idazketa prozesua eta baita ere,  noski, ahozko adierazpena. Haur hezkuntzatik hasten da ere berdintasuna eta hezkidetza. 

Irakurketa prozesua haurrak eskolan oin bat jarri aurretik hasten da, eta gero jarraitzen du. Irakurketa prozesua lotara joan aurreko irakurketa ozenez, liburuei buruzko elkarrizketa familiarrez, gurasoekin liburu-dendetara egindako bisitez, etxean liburuak egoteaz eta ipuin, komiki edo elaberrietan oinarritutako opariez egina dago. Aldi berean, irakurketak eta prozesu hau inguratzen duen guztiak garrantzia handia dauka gure garapenean eta mundua ikusteko daukagun moduan.

Proiektu honen bidez aurreko bi paragrafoetan jasotakoa batu eta jasotakoari erantzuna eman nahi diogu, aldi berean irakurketa eta hezkidetza eta berdintasun-kontzientzia garatuz.